Gizartea -
PROTESTA
Rajoyren energia politika salatzeko kartel bat eskegi du Greenpeacek Madrilen
Gran Via kalean eskegitako kartelean, Mariano Rajoy eta Alvaro Nadal Energia ministroa ageri dira 'Lo que Rajoy se llevó' filmeko protagonista bezala.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Greenpeace talde ekologistak Espainiako Gobernuaren politika energetikoa salatu du gaur, Madrilgo Gran Via kalean, Musika Jauregia zen eraikinean pankarta erraldoi bat eskegita. Aipaturiko kartelean, Mariano Rajoy eta Alvaro Nadal Energia ministroa ageri dira Lo que el viento se llevó filmeko protagonista bezala.
Alvaro Nadal Energia ministroa Rhett Butlerren rolean ageri da, eta ez duela berriro "inoiz" zentral termiko bat itxiko dio. "Zintzoki esanda maitea, klima aldaketa bost axola dit", erantzuten dio Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Scarlett O'Hararen roletik.
Erakutsitako pankartaz gain, ekintzaile talde bat eraikinaren fatxadara igo da eta pankartaren ondoan gelditu dira. Bien bitartean, talde ekologistako beste kide batzuek protestaren nondik norakoen berri eman diete bertatik pasatzen ari zirenei.
Madrilgo Udaleko suhiltzaileak bertaratu dira pankarta kentzera, Larrialdi Zerbitzuetako bozeramaile batek jakinarazi duenez.
Protesta horren bitartez, Europako Kontseiluaren energiari buruzko hurrengo bileran pertsonen eta Lurraren interesak defendatzeko eskatu dio talde ekologistak Espainiako Gobernuari.