Gizartea -
Protesta ekintza Bilbon
Energia berriztagarriekiko Iberdrolaren jarrera salatu du Greenpeacek
Protesta ekintza bat egin du Iberdrolaren egoitzaren aurrean, Bilbon, konpainia elektrikoak energia berriztagarriekiko darabiltzan politikak arbuiatzeko.
eitb.eus
Greenpeace erakunde ekologistak protesta ekintza bat egin du gaur goizean Bilbon, Iberdrola energia-enpresak Euskadi plazan duen egoitza nagusiaren aurrean. Bilbon gauzatutakoarekin batera, Greenpeacek beste bi ekintza egin ditu aldi berean Madrilen eta Bartzelonan, Endesa eta Gas Natural Fenosa konpainien egoitzen aurrean, hurrenez hurren.
Aipatutako hiru enpresa elektrikoek energia berriztagarriekiko duten "blokeo politika" salatu nahi izan du Greenpeacek egindako ekintzekin. Gainera, erakunde ekologistaren aburuz, politika hori "Gobernuaren onespenarekin" garatzen dute, eta "kutsadura, klima aldaketa eta energiaren prezio garestiak" dakartza ondorio gisa.
Hartara, Iberdrola dorreko atariaren aurrean puzgarri beltzak jarri eta "Iberdrolak kutsatu, zuk ordaindu" leloak zeramatzaten pankartak zabaldu dituzte, enpresa elektrikoak sortzen duen "kutsadura" salatzeko asmoz.
Greenpeaceko bi aktibista ataritik zintzilikatu dira, eta Ertzaintzak jaitsi ditu bertatik modu baketsuan, suhiltzaileen garabi bat erabilita.