Gizartea -
Zientzia
Suediako neutroi-iturriak Euskadiko teknologia erabiliko du
Tekniker zentroak lau milioi euroko kontratua sinatu du eta azpiegituraren diseinua berritzen arituko da.
Erredakzioa
Tekniker-IK4 Eibarreko zentro teknologikoak parte hartuko du Suediako espalazio bidezko neutroi-iturrian (ESS), lau milioi euroko kontratua sinatu baitu. Hain zuzen ere, azpiegituraren diseinua berritzen arituko da.
Zentroak agiri batean azaldu duenez, diseinua berrituko duen taldea zuzenduko du, eta zeregin horretan hainbat erakunderekin lan egingo du, hala nola Ikerketa Nuklearrerako Erakunde Europarra (CERN), Fisika Nuklearraren Institutu Nazional frantziarra, SNS estatubatuarra eta Air Liquide eta Linde enpresak.
Teknikerrek diseinuaren hainbat kontu gaurkotuko ditu, besteak beste azeleragailuaren sistema elektrikoa, aireztapen sistema, aire girotua eta hozte-sistemak.
Neutroi-iturriak energia berriztagarrien aldeko apustua ere koordinatuko du.
Iazko hasieratik, ESS proiektua berreraikitze prozesuan dago, eta 2012an amaituko da. 2019an jarriko da martxan, baina 2025 arte ez da % 100ean arituko.