Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gazte bat atxilotu dute Donostian bikotekideari eraso egiteagatik
Erasoa Zurriola Pasealekuan jazo da. Lekukoen arabera, gazteak lurrera bota du bikotekidea, eta ostikoka hasi da. Atxilotuari genero-indarkeriarekin lotutako delitua egotzi diote.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
28 urteko gazte bat atxilotu dute goizalde honetan Donostian bere bikotekideari eraso egitea leporatuta, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Jazoera Zurriola Pasealekuan gertatu da, 02:40ak aldera. Ertzaintzako patruila batek erasoa ikusi du. Ondorioz, bikotearengana hurbildu da, eta bi lagunak identifikatu ditu. Lekukoen arabera, gazteak lurrera bota du bikotekidea, eta ostikoka hasi da.
Ertzaintzak gaztea atxilotu du, genero-indarkeriarekin lotutako delitua egotzita.
-------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.