Gizartea -
LAPURRETAK
Gabonetan etxebizitzetan lapurretak saihesteko aholkuak eman ditu Ertzaintzak
Arreta areagotzea gomendatu du Ertzaintzak, atarietan plastikozko markatzaileak hautemateko edota inguruan dabiltzan pertsona ezezagunak antzemateko.
O.A. | EITB.EUS
Ertzaintzak hainbat gomendio eman ditu opor garaian etxebizitzetan gertatu ohi diren lapurretak saihesteko. Etxeko atean plastikozko markatzailerik antzemanez gero edota etxe inguruan ezezagunen bat ikusiz gero, 112 telefonora deitzea aholkatzen du.
Hauek dira Ertzaintzaren gomendioak: sarrerako ateko sarraila bi bueltarekin itxi, bitxiak eta balio handia duten objektuak aurreikusten zaila den tokietan gorde, segurtasun berme handiak eskaintzen dituzten sarraila modernoak jarri, atean markatzailerik dagoen begiratu, postontzia egunero hustu, etxean norbait dagoen itxura emateko gailuak erabili, kanpoan gaudenean konfiantzazko pertsonei etxetik pasatzeko enkargua eman, ez eman jendaurrean bidaien berri, ateak eta leihoak itxi inguruan aldamioren bat baldin badago eta inguruan ezezagunen bat ikusiz gero Ertzaintzari deitu.
Lapurretaren bat izanez gero, ezer ez ukitzea eta 112ra berehala deitzea aholkatzen du Ertzaintzak.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, opor garaiak, Gabonak kasu, horrelako delituak egiteko aproposak dira.
Bestalde, lapurretak eguneko edozein ordutan gerta daitezkeela eta gehien lapurtzen diren objektuak dirua, bitxiak eta gailu informatikoak direla ohartarazi du Ertzaintzak.