Gizartea -

Emakume bat hil da

Bilboko ezbeharra: Norena da erantzukizuna?

Oraingoz ez dago argi zer dela eta erori zen erlaitza, baina lehen datuen arabera, badirudi hezetasunak eragin zuela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbotarrak hunkituta daude oraindik, atzo 31 urteko emakumezko bat balkoi bateko erlaitza gainean erorita hil eta gero.

Ana Isabel (Galdakaoko bizilaguna) farmazia batetik irten berria zen eta "Toledo" kafe-etxe ospetsura sartzekotan zegoen 20x30 zentimetroko harri bat burura erori zitzaionean. Ia berehala hil zen.

Oraingoz ez dago argi zer dela eta erori zen erlaitza, baina lehen datuen arabera, badirudi hezetasunak eragin zuela. Nolanahi ere, norena da orain gertatutakoaren erantzukizuna? Radio Euskadiko "Boulevard Bizkaia" saioak aditu batzuekin hitz egin du, hori hizpide.

Hori horrela, Pablo Abascal Finken Administratzaileen Bizkaiko Elkargoaren idazkariak azaldu du "erantzukizun osoa" auzokideena dela.

Halaber, eraikin "gehienek" asegurua dutela gogorarazi du, "baina ez denek".

Rafael Garcia Moreno abokatuaren iritziz, Bilboko istripua ikertzerako orduan, erlaitza zergatik erori zen aztertu behar da. Horrela, "obrak egin dituztenen arduragabekeririk egon den edo ezbeharra eraikinaren egoeraren ondorioz gertatu den" argituko litzateke.

"Termino orokorrak erabiliz, erantzukizuna jabeen erkidegoarena da, balkoiak elementu komunak direlako, nahiz eta erabilera partikularra izan". "Zentzu honetan, elementu zehatz baten manipulazioa egon dela ematen du".

Adibide bat ere jarri du abokatuak: "Nire balkoian lorontzi bat baldin badaukat, eta behar ez bezala kokatzen badut eta jausten bada, nire erantzukizuna da, nik elementu hori manipulatu egin dudalako. Hala ere, oraingo honetan erkidegoaren elementu bat erori egin dela ematen du.

Bere ustez, gertatutakoa ikertu behar da orain, hipotesiak egin aurretik.

Bestalde, Iñaki Azkuna Bilboko alkateak gaztearen heriotza deitoratu du, eta auzo elkarteei "kontuz" ibiltzeko eskatu die.

Osoko bilkura hasi aurretik, orain 14 edo 15 urte "antzeko zerbait" gertatu zela gogoratu du Bilboko alkateak.

Emakumearen gorpua Auzitegi Medikuntzako Zerbitzura eraman dute, autopsia egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea