Gizartea -
Erabakia
Auzitegi Gorenak Laffage kasuaren ebazpena berrikusiko du
Epaitegiaren erabakia behin betikoa izango da eta azaroaren 25ean zabalduko dute. Laffageren amak espero du gertatutakoa "hilketa" jotzea.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak Nagore Laffage gazte irundarra hiltzeagatik herri-epaimahai batek eman zuen epaia berrikusiko du, nahiz eta Fiskaltza kontra agertu, Radio Euskadik jakitera eman duenez.
Orain Yllanesen zigorra aldatzeko aukera aztertuko dute eta 20 urteko zigorra jar diezaiokete giza-hilketa delitua leporatzen badiote.
Erabakia behin betikoa izango da eta Auzitegi Goreneko bost epailek hartuko dute. Azaroaren 25ean emango dute ebazpenaren berri.
Laffageren amak espero du gertatutakoa "hilketa" jotzea
Epaileen erabakia jakin eta gero, Nagore Laffageren ama, Asun Casasola, itxaropentsu agertu da eta Goi Auzitegiak gertatutakoa "hilketa" jotzea espero duela adierazi du.
"Urte hauetan guztietan esan dudanez, Nagore erail egin zuten. Herri epaimahaia ez zen konprometitu nahi izan, baina frogak han daude", gaineratu du, Radio Euskadin egindako adierazpenetan.
12 urteko kartzela-zigorra
12 urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri zioten Jose Diego Yllanesi Nagore Laffage hiltzeagatik, fiskalak eskatutako zigorra, hain zuzen ere. Herri-epaimahaiak homizidioa egotzi zion.
Nafarroako Auzitegi Nagusiko epaileak kontuan hartu zuen Yllanesek kalte-ordainak (120.000 euro amarentzat eta beste horrenbeste aitarentzat eta 80.000 euro Nagoreren nebarentzat) ordaindu zizkiola Laffage sendiari eta gertakarien egunean mozkortuta zegoela.
GertakariaNagore Laffage, jatorriz irundarra, 2008ko uztailaren 7an hil egin zuten Iruñeko etxebizitza batean eta hiltzaileak gorpua Orondritzera (Erroibar) eraman zuen bertan ezkutatzeko. Poliziak egun berean aurkitu zuen Nagoreren gorpua.
Ikerketaren arabera, ustezko hiltzaileak Iturrama auzoko etxe batetan Laffage ito egin zuen. Ondoren, gorpua Oianburun lurperatu zuen. Herriko bizilagun batek bide baten bazterrean aurkitu zuen gorpua, Urrotz-Erro errepidetik 200 bat metrora.
Ordu batzuk geroago, Foruzaingoak 27 urteko Jose Diego Yllanes iruindarra atxilotu zuen, gaztea hiltzea leporatuta. Mediku egoiliarra zen Nafarroako hiriburuko zentro psikiatriko batean.
Jose Diego Yllanes 27 urteko iruindarrak Nagore Laffage gaztea berak hil zuela berehala onartu zuen eta Aoizko epaileak atxilotua bermerik gabe espetxeratzeko agindua eman zuen jarraian.
Bai poliziaren aurrean, baita epailearen aurrean ere, hilketaren egilea bera zela aitortu zuen.