Gizartea -

XXIX. Edizioa

Koopera, Ramon Barea, Abel Barriola eta 'EZ beti da EZ', 2017ko Sabino Arana Sariak

Sariak banatzeko ekitaldia urtarrilaren 28an egingo da, Bilboko Arriaga antzokian. Iñigo Urkullu lehendakaria bertan izango da.

Juan Mari Atutxa eta Irune Zuluaga, 2017ko saridunak jakinarazteko agerradian. Argazkia: EFE
Juan Mari Atutxa eta Irune Zuluaga, 2017ko saridunak jakinarazteko agerradian. Argazkia: EFE
Sabino Arana Fundazioak aurtengo saridunak jakinarazi ditu

1:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eraso sexisten kontrako 'Ez beti da Ez' kanpainak,  pertsonen gizarteratzea bultzatzea helburu duen Koopera kooperatibak, Ramon Barea aktoreak, Abel Barriola pilotariak eta Durangoko Gerediaga kultur elkarteak 2017ko Sabino Arana Sariak irabazi dituzte.

Sabino Arana Fundazioak urtero ematen ditu sari hauek, euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzaren urteurrena dela eta. Juan Mari Atutxa fundazio horretako presidenteak eta Irune Zuluaga zuzendariak larunbat goiz honetan jakinarazi dute nortzuk diren Sabino Arana sarien XXIX. edizioko irabazleak. Mundu hobeago baten alde lan egiten duten pertsonen eta elkarteen ahalegina aitortzea da sari horien helburua.

'EZ beti da EZ' kanpainari dagokionez, Sabino Arana Fundazioak "garrasi kolektiboaren esangura aintzatetsi eta saritu" nahi du. Goizean egindako agerraldian azaldu dutenez, garrasi horrek genero-indarkeria pairatu duten emakumeen eta gaitz larri horren kontra lanean ari diren elkarteen ahotsa darama, baita "euskal gizarte osoaren ahots tinko eta kementsua" ere.

Kasu honetan, elkarte edo pertsona ezagun bat izan beharrean, sariduna kanpaina bat denez, saria nola eman pentsatzen ari direla azaldu dute Atutxak eta Zuluagak. Iaz gauza bera gertatu zen, Picassoren Gernikamargolana saritu baitzuten. Orduan, Gernikako bonbardaketaren biktimen senideek jaso zuten saria.

Beste alde batetik, Koopera Gizarte eta Ingurumen Berrikuntza "aintzatetsi eta saritu" nahi du Sabino Arana Fundazioak, kooperatiba horrek "apustu garbia egin duelako gizarte-bazterkeriako egoeran edo horren arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea errazten eta ingurumena sustatzen eta zaintzen".

Ramon Barea aktore, zuzendari eta ekoizle bilbotarrari emandako sariarekin, "lan eta bizimolde oparoa eta arte eszenikoei eskainitako konpromisoa" aitortu nahi du fundazioak. Ildo horretatik, azken lau hamarkadetan egindako lan batzuk nabarmendu ditu: antzerki-lan eta antzerkigile handien moldaketak eta interpretazioak, ehun film baino gehiago, film laburrak, telesailak, dokumentalak edota Ur antzerki-konpainia.

Halaber, Durangoko Azokaren sortzaile eta bultzatzaile den Gerediaga kultur elkarteak "Durangaldeari, bereziki, eta Euskal Herri osoari egin dion ekarpen handia" nabarmendu du Sabino Arana Fundazioko presidenteak.

Bestalde, Abel Barriola pilotariak "pilotalekuaren barruan zein kanpoan utzitako aztarnagatik" jasoko du saria. Hala, "kirolari eredugarri" eta "jende orok mate eta errespetatzen duen pilota profesionala" dela nabarmendu dute Atutxak eta Zuluagak agerraldian.

Sariak banatzeko ekitaldia urtarrilaren 28an egingo da, Bilboko Arriaga antzokian. Iñigo Urkullu lehendakaria bertan izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Durangoko Azoka Bilbo Iñigo Urkullu biografia Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gizartea albisteak Azken kultur albisteak Gaurko azken orduko albistea