Gizartea -
Ekaitza
Haize ufada gogorrek arazoak eragin dituzte errepide eta aireportuetan
Hainbat hegaldi beste aireportu batzuetara bideratu dituzte, eta bigarren mailako errepide batzuk itxi dituzte zuhaitzak jausi direla eta. Arratsaldean baretuko dira haize boladak.
Agentziak | Erredakzioa
Atzodanik Euskal Herria astintzen ari den denboralearen ondorioz, Bilboko Aireportura zihoazen zazpi hegaldi -azkenekoa gaur, asteazkena, goizean Bartzelonatik iritsi behar zen bat- jatorrizko aireportura edo beste hiri batzuetara desbideratu dituzte, Aenatik jakinarazi dutenez. Horrez gain, Iberiak ezin izan du Madrilerako hegaldi bat eskaini, bidaia egin behar zuen abioia ez baitzen bart Bilbon lurreratu.
Azken orduan, halaber, Hondarribiko aireportuan ere eragina izan du ekaitzak, eta goizean Bartzelonako hegaldi batekin egin bezalaxe, Madriletik zetorren bat ere Iruñera desbideratu dute.
Gainera, haize bolada indartsuek (163 kilometro orduko neurtu dituzte Matxitxakon, adibidez) zenbait eragozpen sortu dituzte bigarren mailako errepideetan, zuhaitzak bota baitituzte Ispasterren, Markinan eta Zumarragan. Eguerdi alderako, dena dela, konpondutzat eman dituzte eragozpenok Segurtasun Saileko ordezkariek.
Bestalde, Jaizkibel mendian jo du duen tximista batek eragina izan du Euskaltelen sarean, eta arazoak egon dira mugikorretatik eta telefono finkoetatik deiak egiteko.
Euria eta haizetea
Zeruak estalita egongo dira gaur, eta prezipitazio gogor eta iraunkorrak egongo dira, ekaitzak eta kazkabarra tarteka, batik bat kostaldean. Haize bolada oso gogorrek ere joko dute gure lurraldea, zeinak arratsaldean baretuko baitira.
Nafarroan, mendebalde eta ipar-mendebaldetik joko du haizeak, eta bolada oso gogorrak izango dira Pirinioetan, kantauriar isurialdean eta ipar-mendebaldeko mendialdean, baina horiek ere mantsotzera egingo dute arratsaldean .
Biharko, ostegunerako, ere zeru lainotuak espero dituzte adituek, baita euri eta zaparradak ere, batik bat kostaldean eta ipar-ekialdean. Haizeak mendebalde eta hego-mendebaldetik joko du, indar handirik gabe, baina arratsaldean suspertuko dira eta gogor joko dute tarteka, kostaldean.