Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Getxon, bikotekideari eraso egitea leporatuta
Emakumea ospitalera eraman behar izan zuten, eta salaketa jarri ostean babesteko neurria eskatu dio epaileari.
Agentziak | Erredakzioa
Getxoko udaltzainek 30 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, hilak 26, bikotekideari eraso egitea leporatuta. Emakumea ospitalera eraman behar izan zuten, eta salaketa jarri ostean babesteko neurria eskatu dio epaileari.
Atzo 17:30 aldera, udaltzainek genero-indarkeriako gertakari baten berri izan zuten; antza, senarrak emakumea iraindu eta jo ziola kontatu zien emakumeak udaltzainei.
Emakumea osasun zentro batera eraman zuten jasandako zauriak miatu eta zaintzeko; eta aldi berean, erasotzailearen hasi ziren. 20:30 aldera topatu eta atxilotu zuten, herriko taberna baten barruan zegoela.
Biktimak, 28 urtekoa, osasun zentroa utzi orduko, salaketa aurkeztu zuen gertatutakoagatik, babes-agindua eskatzeaz gainera. Erasotzailea emakumearen aurkako indarkeriaren esparruko tratu txar delitua egotzita atxilotu zuten, eta auzitegiaren esku utziko dute.
Keltse Eigurenek, Berdintasun Zerbitzuko zinegotziak, erasoa gaitzetsi du eta "indarkeria sexista giza eskubideen urraketa larria" dela gogoratu du, eta aldi berean tratu txar fisiko edo psikiko jasaten dituzten emakume biktimak Gizarte Zerbitzuetara jotzeko animatu ditu.
---------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.