Gizartea -
Eskola indarkeria
Milioi bat umek eskola indarkeria jasaten dute egunero munduan
Plan GKEaren arabera, 45.000 milioi euroko gastua eragiten du arazo honek.
Erredakzioa
Plan Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) ''Beldurrik gabe ikasi'' egitasmoaren txostena aurkeztu du Madrilen. Taldeko ordezkariek ekitaldian adierazi dutenez, egunero, mundu osoan milioi bat umek baino gehiagok indarkeria motaren bat jasaten dute eskolan dauden bitartean.
Indarkeri mota guztiek umeetan uzten dituzten ondorio fisiko eta psikologikoei, gastu ekonomikoak eta irakasle edo ikaskideei beldurra izateagatik eskola uzten duten haurren arazoa batzen zaizkie. Gastu horien zenbatekoa 45.000 milioikoa izan da, GKEaren arabera.
Umeek eskolan erasorik ez jasateko eskubidea dutela barnera dezatela da ''Beldurrik gabe ikasi'' kanpainaren helburua. GKEa Estatuko agintariekin eta erkidegoetako buruzagiekin harremanetan jartzen da, indarkeria eskoletatik baztertu egin behar dela erakusteko.
Concha Lopez Plan GKEaren Espainiako zuzendariak jakinarazi duenez, haurtzaroaren aldeko legedi berriak 390 milioi umeri on egin die, eta 108 herrialdek eskoletan umeen babesa berretsi dute, legeen bitartez bermatuta. Hala ere, beste 89 estatuk, Estatu Batuek eta Frantziak besteak beste, gaiari buruzko zuzeneko legedia onartu gabe jarraitzen dute.