Gizartea -

Urtarrilak 5

Hiru Erregeen Kabalgatak bere ibilbidearen hasiera aldatuko du Iruñean

Horrela, Melchor, Gaspar eta Baltasar ez dira Yanguas y Miranda kaletik, Bake plazatik eta Oliveto Kondearen etorbidetik pasako.

Hiru Erregeen 2017ko desfilea Iruñean. Artxiboko irudia: EiTB
Hiru Erregeen 2017ko desfilea Iruñean. Artxiboko irudia: EiTB
Hiru Erregeen 2017ko desfilea Iruñean. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errege Magoen Kabalgatak bere ibilbidearen hasiera aldatuko du aurten, Iruñean. Aldaketekin segurtasuna areagotu eta garraio publikoan hurbiltzeko aukera gehiago eman nahi ditu Udalak.

Iruñeko Udalak iragarri duenez, Melchor, Gaspar eta Baltasar ez dira Yanguas y Miranda kaletik, Bake plazatik eta Oliveto Kondearen etorbidetik pasako. Nafarroako Foruen plazatik, Zaragoza etorbidetik, Vianako Printzearen plazara joango dira, bertatik ohiko ibilbideari eusteko.

Aldaketekin publikoaren segurtasuna eta garraio publikoan hurbiltzeko aukerak areagotzeko asmoa dute; izan ere, ibilbidea aldatzeaz gain, Vianako Printzearen plazan zirkulazioa itxiko dute.

Ibilbidea

Honenbestez, Abejeras kalea, Nafarroako Foruen plaza, Zaragoza etorbidea, Vianako Printzearen plaza, Antso Nagusiaren kalea eta Vinculo kalea, Sarasate pasealekua, Gazteluko plaza, Karlos III. Noblearen etorbidea, Nafarroako Gorteen kalea, Amaia kalea, Arrieta kalea eta Escolapios izango da Hiru Erregeen ibilbidea.

Esan bezala, aldaketak egiteko bi arrazoi eman ditu Udalak. Alde batetik, Kabalgatara hurbiltzen diren pertsonen segurtasuna areagotzea; izan ere, Vianako Printzearen plaza itxita, publikoak ez du ibilgailuen zirkulazioarekin kontuz ibili beharrik izango.

Bestalde, garraio publikoan desfilera hurbiltzeko aukerak areagotzen dira. Horrela, hiriaren ipar-mendebaldetik Merindadeen plazara eta hego-mendebaldetik Bake plazara heltzeko aukera izango dute herritarrek.

Aurreko ibilbidearekin Bake plazako zati bat, Yanguas y Miranda eta Oliveto Kondearen etorbidea ixten zituzten, eta garraio publikoaren geltokiak urruntzen ziren.

Harrera udaletxean

Bestalde, Iruñeko Udalak Hiru Erregeak udaletxean hartuko ditu. Bisita Errege Magoen lehen ekitaldia izango da hiriburuan, Kabalgata baino lehen.

La Pamplonesak Errege Magoak heldu direla iragartzeko ardura izango du 16:00etan. Horrela, kalejira egingo du, Frantzia Atarian hasi eta Carmen, Navarreria eta Mercaderes kaleetatik pasatzeko, Udaletxe plazara iritsi arte. Bertan kontzertu laburra eskainiko du Gabonetako errepertorioarekin.

Desfilea Magdalena auzotik abiatuko da 16:00etan eta, zubia zeharkatuz, harresitik Frantzia Atarira igoko da.

15:30tik aurrera, zirkulazioa itxiko dute Magdalena eta Joan Albretekoaren kaleen arteko bidegurutzean. Frantzia Atariko goialdera sartzea ere ezinezkoa izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Iruñea Nafarroa Gabonak bideoak Gizartea albisteak Albisteak Errege Magoen desfileak