Gizartea -
Immigrazioa
200 etorkin baino gehiago Melillan sartu dira, hesia gaindituta
Horien sarrera galarazten saiatu da Guardia Zibila eta, horren ondorioz, bost zauritu izan dira, denak arinak: lau etorkin eta guardia zibil bat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Saharaz hegoaldeko 300 etorkin baino gehiago Melillan sartzen saiatu dira larunbat honetan, Melillako hesia gaindituta, eta horietatik 209k lortu egin ditu. Sarrera galarazten saiatu da Guardia Zibila eta, horren ondorioz, bost zauritu izan dira, denak arinak: lau etorkin eta guardia zibil bat.
Sarrera saiakera 15:40ean jazo da, Melillako iparraldean, Pinos de Rostrogordo zonaldean, Gobernuak Melillan duen Ordezkaritzak zabaldu duenez.
Arin zauritu diren etorkinak ospitalera eraman dituzte, eta gainerako guztiak, berriz, CETI Etorkinentzako Aldi Baterako Egonaldi-Zentrora. Bertara iritsi dira Melillako hainbat auzo korrika igaro ostean, eta euren poza adierazteko oihu eta abestien artean.
Oro har Melillako hesiak etorkin-mugimendu handia dauka, eta azken egunotan gora egin du hesia gainditzeko saiakera kopuruak. Dena dela, azken hilabetetan izandako etorkin-sarrerarik handiena izan da gaurkoa.