Gizartea -
Bilaketa
Barcenaren familiak herritarren laguntza eskatu du gaztea aurkitzeko
Gorbeian desagertutako mutilaren argazkia duen kartela zabaldu dute sare sozialetan, kasua argitzeko edozein informazio lortzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Abenduaren 30ean Gorbeian desagertutako Jon Barcena gaztearen familiak herritarren laguntza eskatu du, sare sozialetan zabaldutako kartel baten bidez. Kasuaren inguruko informazioa lortzea da asmoa.
Irudian irakur daitekeenez, "norbaitek non dagoen jakingo balu, larrialdi zerbitzuei horren berri ematea" eskatu dute senitartekoek.
Ertzaintzak joan den ostiralean amaitu zuen Urrunagako urtegian Berrizko gaztea aurkitzeko egindako bilaketa. Orain zantzu berrien bila ari da non dagoen jakin ahal izateko, eta ikerketa zabalik dauka nola desagertu zen argitzeko.
Abenduaren 30ean desagertu zen
Joan den abenduaren 30ean, lagunekin Gorbeiara zihoala, ez zegoela ondo esan eta buelta eman zuen.
Lehenik eta behin, Gorbeian bertan ekin zioten bilaketari. 600 bat pertsonak hartu zuten parte. Asteazkenenean, ordea, Urrunagako urtegian hasi ziren bila, Arabako Legutio herrian. Izan ere, Barcenaren giltzak eta kartera aurkitu zituzten han.
Ostegunean gaztearen hainbat jantzi aurkitu zituzten; desagertu zen egunean zituen mendiko botak eta motxila, besteak beste.