Gizartea -
TRAFIKOA
Arretaz gidatzea gomendatzen dute, izotz eta elur arriskuagatik
Errepide sare nagusia zabalik dago. Hala ere, bigarren mailako zenbait errepide itxita daude.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Asteburuan errepideetan kaosa izan ondoren, Hego Euskal Herriko sare nagusia zabalik dago. Hala ere, agintariek arretaz gidatzea gomendatzen dute, izotza eta elurra egiteko arriskua baitago. Hala eta guztiz ere, bigarren mailako hainbat errepide itxita daude, bai Euskal Autonomia Erkidegoan eta baita Nafarroan ere.
Errepide sare nagusia zabalik badago ere, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak arretaz gidatzea aholkatzen du, bereziki, AP-68an, Altuben; N-240 errepidean, Barazarren, eta N-1 errepidean, Etzegaraten.
Bigarren mailako errepideei dagokienez, hainbat mendate eta errepide zati itxita daude. Nafarroako Foru Gobernuak jakinarazi duenez, itxita daude Aralarko San Migelera doan NA-7510 errepidea (laugarren kilometrotik aurrera), Artesiagako mendatea, 14. kilometrotik aurrera, eta Urkiagako mendatea, 21. kilometrotik aurrera. Gainera, Iruñea Luzaiderekin lotzen duen N-135 errepidean, bidea txandaka ematen ari dira luizi batengatik. Bestalde, Gipuzkoan Aritxulegiko mendatea itxita dago ibilgailu guztientzat.