Gizartea -

Ebakuntza batean

Zirujau bat zigortu dute gaixo bat paraplegiko uzteagatik, Bilbon

Lesio larria eragin zion bizkarrezur-muinean, urdail eta hesteko eritasun bat sendatzeko ebakuntza batean. 1,7 milioi euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko epaitegi batek hiriko zirujau bat zigortu du akalasia arazo bat sendatzeko ebakuntza batean gaixoari bizkarrezur-muinean lesio larria eragin eta paraplegiko uzteagatik. 1,7 milioi euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari.

Kalte-ordaineko 600.000 euro zigortutako medikuaren aseguru-etxeak jarriko ditu. Ebakuntza, epaian agertzen denez, 2007ko maiatzaren 31n izan zen Bilboko San Vicente San Sebastian Klinikan.

Orduan 39 urte zituen gaixoak akalasia zuen, urdail eta hesteko arazo bat. Ebakuntza egiten ari ziren momentuan, "hemorragia handi bat" hasi zen eta "ez zutenez ixtea lortu", beste zirujau talde bati laguntza eskatu zioten.

Bigarren mediku talde horrek torakoesternotomia bat (toraxeko paretean ebakuntza) egitea erabaki zuen, odola toraxeko aortatik ateratzen zela pentsatuta, "aortaren akatsa itxi" zuten, hemorragia geldiaraziz. Horren ostean, medikuak hasieran egin asmo zuen ebakuntzari ekin zion.

Gaixoa Zainketa Intentsiboen Unitatera eraman zuten eta hurrengo egunean "bizkarrezur-muinean ebakia" izan zezakeela ikusi zuten. Gero, Guttman Institutuak, aipatu arazoetan adituak, baieztatu egin zuen "bizkarrezur-muineko lesioa, hemorragia geldiarazteko egindako maniobrek eraginda".

Gaixoak hasieran lehenengo mediku taldeari egotzi zion gaitzaren errua, baina gero bigarrena ere sartu zuen tartean.

Hala ere, epaileak erabaki du lesioa zuzenean lehenengo medikuak eragin ote zion zehaztea zaila bada ere, errua harena dela, lehenengo ebakuntzak ez zuelako "hemorragia eragin behar".

Bigarren mediku taldeari dagokionez, epaiaren arabera, ez zaio zigor berbera ezarri behar, haien "jarduna ez zegoelako aurrez pentsatuta, larrialdiko neurria izan zen eta helburua ez lortzeko aukerarekin egin zuten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea