Gizartea -
alerta meteorologikoak
Abisu horia aktibatu dute elurragatik, izotzagatik eta olatuengatik
Fronte bat sartuko da iparraldetik eta euria egingo du, arratsaldetik aurrera batez ere.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du ostegunerako Araban, muturreko tenperatura baxuak eta izotza izango baitira. Horrez gain, elurragatik eta olatuengatik ezarritako abisuak indarrean izango dira.
Gaurko Araban izotzagatik ezarritako abisu horiaz gain, beste bi abisu aktibatu ditu Segurtasun Sailak. Batetik, abisu horia ezarri du kostaldean olatuengatik, 5 metrotik gorako olatuak izango baitira, eta, bestetik, abisu horia aktibatuko dute barnealdean elurragatik.
Elur-maila 500 eta 700 metro artean egongo da egunaren hasieran, baina 700-800 metrora igoko da orduak igaro ahala, eta 1.000-1.100 metroan kokatuko da egunaren azken orduetan.
Ostiralerako, goizaldean zerua oso hodeitsu egongo dela iragarri du Euskalmetek, eta goizean hodeitsu geratuko da. Egunaren amaieran, hodeiak ugaritu egingo dira. Euri txikia egingo du goizaldean, atertzeko joerarekin. Elur-kota 1.000 eta 1.200 metro inguruan egongo da. Hegoaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, tarteka gogor gauean. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da. Arabako zenbait tokitan izotz txikia egin dezake hori dela eta, Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du Araban, batez ere mendi guneetan.