Gizartea -
Osasuna
14 lagun hil dira jada Euskadin gripeak jota
Gripe kasuen kopuruak goraka jarraitzen du, epidemia honekin urteko garai honetan gertatu ohi den bezala.
Agentziak | Erredakzioa
Gripearen sasoia hasi zenetik 14 pertsona hil dira EAEn, horietatik hiru joan den astean. 100.000 biztanleko 360 kasu jaso dira 2018aren lehen astean eta eraginik handiena 0 eta 4 urte arteko haurren artean eman da.
Denboraldiaren hasieratik gripearen ondorioz 292 pertsona ospitaleratu dituztela jakinarazi da, horietatik 85 larri. Berauen artean, 14 pertsona hil dira.
Eraginik handiena izan duen biztanle taldeak 0 eta 4 urte bitarteko haurrena da, 100.000 biztanleetatik 138,6 kasu eman baitira tarte horretan.
Osakidetzak asteazken honetan azaldu duenez, gripe kasuen kopuruak goraka jarraitzen du, epidemia honekin urteko garai honetan gertatu ohi den bezala.
2017ko azken astean 100.000 biztanleko 277,24 kasu jaso ziren.