Gizartea -
Osasuna
Gripeak epidemiaren ataria gainditu du Euskadin
Osakidetzaren iragarpenen arabera, datozen asteotan areagotu egingo dira gripe-kasuak.
eitb.eus
Gripea 100.000 biztanleko 123 kasuren mailara iritsi da Euskadin. Hortaz, gainditu egin du epidemiaren ataria, muga hori 100.000 biztanleko 52,46 kasutan baitago ezarrita.
Osakidetzak asteazken honetan jakinarazi duenez, gripe sindromearen ondorioz artatu dituzten pertsonen kopuruak gora egin du, eta 5 eta 14 urte arteko eta 0 eta 4 urte arteko adin tarteetan ari da eraginik handiena izaten.
Era berean, gaur arte bildutako informazioaren arabera, datozen asteetan gripe-kasuak handitu egingo dira. Orain arte, denboraldia hasi denetik, 32 pertsona ospitaleratu dituzte gripearen ondorioz, eta horietako 10 larri zeuden.
Gripearen berezko sintomak nabaritzen dituzten pertsonei osasun-baliabideak modu arduratsuan erabiltzeko eskatu du Osasun Sailak. Horrela, sintomen arabera baloratu beharko dute zein den horri aurre egiteko osasun-zerbitzurik egokiena: familia-medikua, atentzio iraunkorreko guneak edo, konplikazio larriak dauden kasuetan, ospitaleetako larrialdiak.
Ildo horretatik, Osakidetzak gogorarazi du gripea gaixotasun gogaikarria bada ere, onbera dela osasuntsu dauden pertsonentzat, eta ez duela tratamendu espezifikorik. Hori dela eta, atseden hartzea, likido ugari hartzea eta sukarra jaisteko sukar-kontrakoak hartzea dira gomendio nagusiak. Sukarrak behera egin ezean, medikuarengana jo behar dugu.
Halaber, transmititzeko eta kutsatzeko erraztasun handia duenez, zuhurtasuneko neurri higienikoak handitzea gomendatu dute, eztulaz eta doministikuez babestea esaterako, eskuak maiz garbitzea eta erabili ondoren botatzen diren mukizapiak erabiltzea.
Azkenik, gripearen aurkako txertaketa-kanpaina beste 15 egunez luzatzea erabaki du Osakidetzak. Beraz, urtarrilaren 6ra arte izango da txertoa jartzeko aukera.