Gizartea -
Galizia
Autopsiak baieztatu egin du Abuinek itota hil zuela Diana Quer
Jose Enrique Abuinek, gaztearen ustezko hiltzaileak, nahigabe harrapatuta hil zuela esan zuen. Hala ere, azterketa gehiago egingo dituzte, sexu-erasoa izan zen argitzeko.
Erredakzioa
'La Voz de Galicia' egunkariak ostegun honetan argitaratu duenez, Diana Querren autopsiak baieztatu egin du Jose Enrique Abuin 'el Chicle'k itota hil zuela gaztea, nahigabe harrapatuta hil zuela esan bazuen ere.
Egunkariak zabaldutakoaren arabera, auzitegiko medikuek azterketa gehiago egingo dituzte ondorengo egunetan, Querrek sexu-erasorik jasan zuen ala ez argitzeko.
Jose Enrique Abuin abenduaren 29an atxilotu zuten Galizian, Boiro herrian, eta Diana Querren gorpua 31n topatu zuten, industria-nabe batean. Hilotzak hormigoizko adreiluak zituen gerrian eta sorbaldetan soka bidez lotuta, lasta gisa, ikerketaren iturrien esanetan. Gazteak 18 urte zituen desagertu zenean, 2016ko abuztuaren 21etik 22rako gauean.
Adituek, baina, Quer nola ito zuten zehaztu behar dute oraindik; izan ere, baliteke eskuak erabiliz edo beste objekturen batez (gorpuaren ondoan agertu ziren bridak erabiliz, esaterako) egin izana.
Abuinen abokatuak auzia utziko du sexu-erasoa izan zela ondorioztatuz gero
Jose Enrique Abuin Pontevedrako A Lamako espetxera eraman zuten asteazkenean, haren segurtasuna bermatzeko. Haren abokatuak, Jose Ramon Sierrak, esana du auzia utziko duela ikerketak sexu-erasoa izan zela ondorioztatuz gero. Toxikologiako Institutu Nazionalak zehaztuko du hori, ehunak eta fluidoak aztertu ondoren.
Diana Querren familiak, bere aldetik, asteazkenean jaso zuen gaztearen gorpua, eta Madrilgo La Paz beilatokian izan ondoren, datozen orduetan lurperatuko dute, familiartean.
Dianaren gurasoak, Juan Carlos Quer eta Diana Lopez-Pinel, akusazio partikular gisa aurkeztu dira auzian, Ricardo Perez Lama abokatuarekin. Epaileak emandako autoaren aurrean helegitea jartzea ala ez ari dira aztertzen; izan ere, Abuinen emaztea, Rosario Rodriguez, aske utzi du epaileak, hilketaren ustezko egilea edo gaizkidea izatea egotzi gabe, familiaren gertuko iturriek esan dutenez.