Gizartea -
Hegaldi berriak
Hegaldi bereziak aterako dira Aste Santuan Bilboko aireportutik
Marrakex, Kroazia, Polonia, Errusia edo Herrialde Baltikoak izango dira helmuga berriak. Martxoan hegaldi berriak izango dira Malta, Jerez de la Frontera eta Vienara, eta maiatzean Stockholmera.
Agentziak | Erredakzioa
Mapatours bidaia-antolatzaileak hegaldi bereziak eskainiko ditu Aste Santuan eta Pazko-astean Bilboko aireportuan; esaterako, Marrakex, Kroazia, Polonia, Errusia edo Herrialde Baltikoak. Loiutik Alemaniara, Italiara, Erdialdeko Europara eta Amsterdamera edo Istanbulera atera ohi direnak gehitu behar zaizkie hegaldi berri horiei.
Bilbao Air Bilboko Aireportua Sustatzeko Elkartearen arabera, 2017an "markak hautsiko ditugu berriro, ia bost milioi bidaiari izan baititugu", eta aurtengoa ere "oso urte positiboa" izango da, helmuga turistiko berriak eta Loiun basea izango duten hegazkin kopuru handiagoa izango baita.
Aurten, gainera, Voloteak hegaldi berriak eskainiko ditu Bilboko Aireportuan. 2012tik lotzen ditu Bilbo eta Venezia, eta 2017an Sevillara, Palmara eta Eivissara joateko hegaldiak atera zituen. 2018 honetan, Viena, Palermo, Malta eta Malaga eskainiko ditu jomuga berri gisa.
Bestalde, Vueling konpainiak laugarren hegazkin bat izango du Bilbon, eta Jerez de la Frontera gehituko dio bere eskaintza luzeari.
Halaber, Bilbo eta Bartzelonako aire-bidea bertan behera utzi ostean, 2018an Stockholmera bidaiatuko dela iragarri du Norwegian eskandinaviarrak. Bilbotik Tenerife Hegoaldera joateko aukera eskainiko du urte osoan zehar, eta Oslo eta Stockholm helmugak eskainiko ditu udan.
Helmuga berriak
Martxoan hasiko dira hegaldi berriak ateratzen Loiutik: martxoaren 24an, Malta-Volotea; 27an, Jerez de la Frontera-Vueling; 29an, Viena-Volotea; maiatzaren 2an, Stockholm-Norwegian, eta ekainaren 26an, Palermo-Volotea.
Bidaia-antolatzaileek udarako hegaldi berriak iragarri dituzte, baina hegaldi gehiagoren berri emango dute datozen hilabeteotan. Berritasun gisa, Tunisia eta Sardinia aurkeztu dituzte.
Horrela, ekainaren 14tik aurrera Tunisair aire-konpainiak Bilbo eta Tunisia arteko hegaldiak eskainiko ditu berriro, baina oraingo honetan opor-paketeak eskaintzeko charter hegaldiak izango dira. Bilbo eta Tunisia arteko hegaldi horiek ostegunetan aterako dira ekainaren 14tik irailaren 13ra arte.
Sardiniak ere charter hegaldia izango du uda honetan, Soltour oporretako bidaia-antolatzaileak eskainita. Hegaldi horiek ekainaren 19tik irailaren 11ra egingo dira.