Gizartea -

Organo-emateak

Mundu mailako buruan jarraitzen du Euskadik organo-transplanteei dagokienez

2017an, milioi bat biztanleko 70,3 organo-emaile izan ditu EAEk; 2013tik 2017rako epean, Euskadiko organo-emaileen batez besteko tasa milioi bat biztanleko 53,1ekoa izan da.

Ia 2.500 lagunek jaso dute organoren bat Euskadin, azken hamar urteotan. Argazkia: EFE.
Ia 2.500 lagunek jaso dute organoren bat Euskadin, azken hamar urteotan. Argazkia: EFE.
Ia 2.500 lagunek jaso dute organoren bat Euskadin, azken hamar urteotan. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Organo-transplanteei dagokienez, Euskadik buruan jarraitzen du mundu mailan. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak zabaldu duenez, EAEn, 2017an, milioi bat biztanleko 70,3 organo-emaile izan dira. Datuak Estatu mailakoa gainditu du, 46,9koa baita bertan. Gainera, 2013 eta 2017 bitarteko epea kontuan izanik, Euskadiko organo-emaileen batez besteko tasa milioi bat biztanleko 53,1ekoa izan da bosturteko horretan. Munduko Osasun Erakundeak optimotzat duen kopurua gainditzen du, hortaz, EAEkoak.

Osasun Sailak zehaztu duenez, ia 2.500 lagunek jaso dute transplanteren bat Euskadin azken hamar urteotan. 2017an, hain zuzen ere, 282 lagunek jaso zuten organoren bat EAEn; horietako 178 giltzurruneko transplanteak izan ziren, eta transplante horien % 10,6 bizirik zegoen emaile bati esker egin ziren.

Emaileen % 61 istripu zerebrobaskular baten ondorioz hiltzen dira, % 12,3k traumatismo kraneoentzefaliko baten ondorioz (horien % 1,3, zirkulazio-istripuan) eta gainerakoak beste arrazoi batzuengatik.

Familien % 89, alde

Osasun Sailaren txostenaren arabera, familien % 89 organoak ematearen aldeko jarrera dute. Adierazle horrek Estatu mailakoa gainditzen du (ia bost puntu handiagoa da), bai eta Europak eta Amerikak dituztenak ere (% 70-80koak).

Osasun Sailak eskerrak eman dizkio euskal gizarteari eta, bereziki, emaileen familiei, euren konpromisoagatik, eta Euskadin transplanteak egiteko baimena duten zentroetako langileek (publikoetakoak zein pribatuetakoak) eta gaixoen elkarteek egiten duten lana nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Gizartea Osasun albisteak