Gizartea -
Iruñea
Iruñean autoarekin harrapatuta gizonezko bat hil zuen gidaria espetxera bidali dute
Ezbeharra Txantrean gertatu zen, asteazkenean. Gidaria edanda zihoan eta biktima zebrabidea zeharkatzen ari zela harrapatu zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeko epaile batek behin-behinean eta bermerik gabe espetxera bidali du joan den asteazkenean autoarekin harrapatuta adineko gizon bat hil zuen gidaria.
Ezbeharra Txantrea auzoan gertatu zen, biktima zebrabide bat zeharkatzen ari zenean. 37 urteko gidaria edanda zihoan: lau aldiz gainditu zuen onartutako alkohol-tasa.
Epaileak bere ebazpenean dio gidaria "abiadura handian" zihoala gizonezkoa jo zuenean, "31 metrotan eraman zuelako aurretik". Kolpearen ondorioz zauri larriak jasan zituen eta ia berehala hil zen.
Horrez gain, epaileak frogatutzat eman du edanda zihoala, alkoholemia-probaren emaitzak aintzat hartuta.