Gizartea -

Urimare operazioa

Lau atxilotu sexu-eraso eta haur pornografiagatik, Nafarroan hasitako operazioan

Gainera, beste bi lagun ere ikertu ditu Guardia Zibilak adin txikikoei egindako erasoengatik eta irudi horiek zabaltzeagatik, Tuterako Instrukzio Epaitegiak zuzendutako operazioan.

AGENTZIAK | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak lau pertsona atxilotu ditu eta beste bi ikertu ditu haur pornografia izatea edo ekoiztea, eta adin txikikoei sexu erasoak egitea leporatuta. Nafarroan hasi zen polizia operazioa eta beste hainbat erkidegotara zabaldu da.

Herritar baten salaketari esker ekin zitzion ikerketari, eta horri esker, Nafarroan bizi diren 37 urteko gizona ta 44 urteko emaztea identifikatu zituzten, adin txikikoei sexu erasoak egiten eta haur pornografia ekoizten ari ziren pertsonak bezala.

Bikotea atxilotu ondoren, gizonari adin txikikoei sexu abusuak egitea leporatu zioten eta emazteari, horretarako laguntza ematea.

Atxiloketa horien ostean, bi etxe miatu zituzten Nafarroan eta haur pornografiarekin lotutako edukiak zeukaten hainbat artxibo aurkitu zituzten. Horietako asko atxilotuak berak eginak ziren, eta zabaldu ere egiten zituen.

Hala, artxibo horiek jasotzen zituzten pertsonetatik lau identifikatu zituen Guardia Zibilak eta horietako bi atxilotu egin zituen: 59 eta 62 urtekoak. Beste bi lagun, 45 eta 77 urtekoak, ikerketapean jarri zituzten.

Pertsona horien etxebizitzak ere miatu zituzten, Bartzelonan, Malagan eta Asturiasen eta miaketa horietan 15 terabyte baino gehiago okupatzen duten irudi eta bideo pedofiloak aurkitu zituzten. Guardia Zibilak hainbat material informatiko, ordenagailu portatil, disko gogor, USB memoria eta telefono mugikor ere atxiki zituen.

Urimare operazioa jarri diote izena gaur jakitera eman den operazioari, eta Tuterako 5. Instrukzio Auzitegiak zuzendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Tutera Delituak azken ordukoa Gizartea bideoak Albisteak Gaur