Gizartea -
Osakidetza
Osasun Sailak itxaron zerrendak murrizteko plana abiatuko du
Eusko Jaurlaritzak adierazi du EAJk "manipulatu" egin dituela azken egunetan itxaron zerrendei buruz emandako datuak.
Erredakzioa
Osasun Saila plan bat prestatzen ari da Osakidetzako itxaron zerrendak murrizteko, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri duenez.
Mendiak hizpide hartu ditu azken egunetan EAJk egindako kritikak (Patxi Lopez lehendakariaren Gobernuarekin aipatu zerrendak handitu egin direla esan du), eta itxaron zerrendak "beti" existitu direla adierazi du.
Bere esanetan, EAJk "manipulatu" egin ditu datuak: "Hautatutako sailen eta ospitaleen arabera, eta datuak interes jakin batekin nahastuta, datuak modu batekoak edo bestekoak izan daitezke".
Nolanahi ere, Mendiak iragarri du Osasun Saila plan bat prestatzen ari dela, itxaron zerrendak murriztea helburu. Gainera, gaixotasun kronikoak tratatzeko programa bat ere lantzen ari direla kontuan hartuta, zerrendak murrizteko baliabideak izango dituztela ziurtatu du.
"Ez dira herritarrak beldurrarazi behar. Osasun sistema publikoaren alde egiten jarraitu beharra dago. Osasun publiko bikaina daukagu, profesionalak itzelak ditu, eta sektore publikoaren babes mezu koherentea igorri behar diegu herritarrei", gaineratu du.
Osasun Sailak zehaztu duenez, itxaron zerrenda 58 egunekoa da kirurgia orokorrean, 30 egunekoa baino txikiagoa zerbitzu onkologikoan eta 90ekoa bihotzeko kirurgian.