Gizartea -
'Forbes'
Jintao, Obama eta Abdula Saudi Arabiako erregea, munduko boteretsuenak
Obamari lehen postua kendu dio aurten Txinako presidenteak, "pertsona askoren buruzagi delako: Munduko biztanleriaren bostena", Forbes aldizkariaren arabera.
Erredakzioa
Hu Jintao Txinako presidentea, Barack Obama AEBetako presidentea eta Abdula Saudi Arabiako erregea munduko pertsona boteretsuenak dira, Forbes aldizkari ekonomikoak gaur argitaratu duenez. Zerrenda 68 lagunek osatzen dute, horien artean lau emakume eta bost latinoamerikar daude soilik.
67 urteko Huk Obamari lehen postua kendu dio aurten, "pertsona askoren buruzagi delako: Munduko biztanleriaren bostena", Forbes-en esanetan. Munduko lehen ekonomia gisa AEB gainditu dezake Txinak "25 urteren buruan", Forbes-en arabera.
49 urteko Obama bigarren postuan geratu da oraingoan, nahiz eta 2009an zerrendaburu izan. Alderdi Demokratak "kolpe latza" hartu zuen legegintzarako hauteskundeetan, asteartean. Horrela, Obama "Ordezkarien Ganberaren babesik gabe geratu da eta Senatuari ozta-ozta eutsiko dio".
Hirugarren tokian 86 urteko Abdula Saudi Arabiako erregea aurkitzen da. "Basamortuko erreinuaren subirano absolutua da eta herrialde horrek munduko petrolio erreserba handienak ditu. Era berean, Islameko bi toki sakratuenak bertan dira", azaldu du Forbes-ek.
Putin eta Aita Santua
Vladimir Putin Errusiako lehen ministroak eta Ratzinger Benedikto XVI. Aita Santuak lehenengo bost postuak osatzen dituzte. Dmitri Medvedev Errusiako presidentea zerrendako hamabigarren lekuan aurkitzen da, Putin herrikidearen atzetik.
Zerrendako lehen emakumea 56 urteko Angela Merkel Alemaniako kantzelaria da, seigarren postuan. Ondoren David Cameron Britainia Handiko lehen ministroa, Ben Bernanke AEBetako Erreserba Federaleko presidentea, Sonia Gandhi Indiako Kongresuko Alderdiaren presidentea eta Bill Gates Microsoft konpainiako sortzailea agertzen dira, lehen hamar postuak itxiz.