Gizartea -

Araba

Gasteizko Udalak beste etxe batera eramango du bihar etxetik botako duten familia

Babestutako apartamentu pribatu batean biziko da, ez baitute alokatzeko etxebizitzarik lortu.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udalak babestutako apartamentu pribatu batean emango dio ostatu bihar etxetik botako duten familiari. Lau seme-alaba dituzte, eta ezin izan dute alokatzeko etxebizitzarik lortu.

Peio Lopez de Munain (PSE-EE) Gasteizko Udaleko Gizarte Politikarako zinegotziak eman du irtenbide horren berri, Udalak gai horren inguruan egindako kudeaketari buruzko udal batzordean PPk egindako galderari erantzunez. Familiako lau seme-alabetatik hiru adingabeak dira.

Ostiralean salatu zuen Arabako Kaleratzeak Stop elkarteak bihar kanporatuko duela Vitalquiler sozietateak lau seme-alaba dituen Gasteizko familia hori etxetik. Alokairu kontratua amaituta, familiak ezin izan du ordaindu kontratua berritzeko ordaindu behar zuen 5.000 euroko fidantza.

Familia Gasteizen bizi da 2000. urtetik. Aita lanik gabe geratu zen 2014an, eta langabezia laguntzarik gabe, iaz. Halaber, Kaleratzeak Stop elkarteak nabarmendu duenez, familia horrek ez du inolako diru-laguntzarik jasotzen, eta amak garbitzaile gisa duen lanaldi erditik lortzen duten soldata baino ez dute. 760 euro irabazten ditu hilero.

Elkarte horren esanetan, familia horrek gaur egun egoitza duen etxebizitza "babes ofizialekoa da, babestutako alokairuan erabiltzeko". Vitalquiler sozietateak, baina, salaketa jarri zuen 2016an familia horren kontra 2.703 euroko zorra zuelako, alokairua garaiz ez ordaintzeagatik sortutako penalizazio eta interesen ondorioz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Gizartea Gasteiz Gaurko azken ordukoa