Gizartea -
Osasuna
Euskadik PADI programaren erabilera hedatzea espero du
Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren bidez 2020rako 12 urteko umeen % 80k txantxarrik ez izatea da helburua.
Agentziak | Erredakzioa
"Irribarre egitea ez da ezer kostatzen" kanpaina ipini dute abian Eusko jaurlaritzako Osasun sailak eta Osakidetzak, Haurren Hortzak Zaintzeko PADI Programaren erabilera hedatzeko. Gaur egun, % 66,38ko erabilera duen arren, helburua 2020an % 75ekoa izatea da, eta "12 urteko umeen % 80k txantxarrik ez izatea".
Jon Darpon Osasun sailburuak aurkeztu du kanpaina gaur goizean Bilbon eskainitako prentsaurrekoan. Horrez gain, Jose Manuel Fika Euskadiko Dentisten Kontseiluko presidenteak ere hartu du parte. Fikak ekimena babestu du dentisten izenean, prebentzio programa hori indartzeko eta zabaltzeko.
2017an, programa erabiltzeko deia jaso zuen 194.752 umeetatik 129.290ek jo zuten PADIra. 1990ean martxan jarri zenez gero izandako parte hartze handiena izan zen.
Darponen esanetan, PADI programaren erabilera datuak onak diren arren, portzentajea hedatzeaz gain, "sozialki okerren dauden taldeen" erabilera bultzatzea da xedea. Euskadiko familiak ere kontzientziatu nahi dituzte programa horren bidez.