Gizartea -
Agerraldia
Otxarkoagako krimenarekin zerikusirik izatea ukatu dute 'Pitxiek'
Orain arte egindako “kalteagatik” barkamena eskatu behar dietela uste dute Canales eta Manzanares familiek. Maria Luisa Cortes familiako kideak “diskriminazioa” salatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Canales eta Manzanares familiek, 'Pitxiek', Otxarkoagako krimen bikoitzarekin zerikusirik izatea ukatu dute. Gainera, orain arte egindako “kalteagatik” barkamena eskatu behar dietela uste dute.
Maria Luisa Cortes Bilboko Ollerieta auzoan eta Gasteizko Abetxuko auzoan bizi diren familietako kideak eta Fede Garcia Arabako SOS Arrazakeriako ordezkariak agerraldia egin dute gaur. Otxarkoagako krimenarekin lotu dituzten informazioak gezurtatu ditu Cortesek, eta “diskriminazioa” salatu du. “Jazo berri den gertakariarekin inolako zerikusirik ez dugu”, azpimarratu du.
Gainera, ustezko lotura hori “irrati, egunkari eta telebista guztietan” zabaldu izana gogor kritikatu du. “Guk ez dugu hilketa horiekin zerikusirik, egindako kalteagatik barkamena eskatu behar digute”, aldarrikatu du.
Cortesen ahotan, familiako gazteenek “akusazioak gaizki” hartu dituzte, “beraiek ez direlako izan”. “Nire familia, nire ilobak, nire seme-alabak, oso txarto daude. Atzo ez dakit nola ez nintzen nire onetik atera”, erantsi du.
“Jazarpena”
Ijito batek egindako delitu baten berri ematen den bakoitzean, bere familiaren irudiak erabiltzen dituztela salatu du Cortesek. “Leporatze faltsuak dira”, gaineratu du. 'Pitxien' ordezkariaren hitzetan, “jazarpena” eta “kalte bidegabea” jasaten ari dira.
“Gu ez gara hilketa horien errudun. Nire familiako inork ez du egin. Min handia egin digute. Barkamena eskatu behar digute, behingoz amaitzeko, hiltzen ari gaituzte”, esan du. Era berean, sare sozialetan zabaldu den informazioa desagertzea eskatu du.