Gizartea -

Bilbo

Otxarkoagako hilketengatik atxilotuetako bi, Adingabeen Fiskaltzaren aurrean berriro

Zumarragako zentroan sartu zituzten 14 urteko mutiletako batek eta hilketaren egileen kolaboratzaile izan omen zen hirugarren atxilotuak epailearen aurrean deklaratu dute.

Hilketa gertatu zen Otxarkoagako atarian ETBk grabatutako irudietatik ateratako pantaila irudia.
Hilketa gertatu zen Otxarkoagako atarian ETBk grabatutako irudietatik ateratako pantaila irudia.
Hilketa gertatu zen Otxarkoagako atarian ETBk grabatutako irudietatik ateratako pantaila irudia.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Adingabeen Fiskaltzak deklarazioa hartu die berriro Otxarkoagako (Bilbo) adineko senar-emazte batzuen krimenaren harira atxilotutako hiru adin txikikoetako biri, ikerketaren iturriek jakinarazi dutenez.

Hiru atxilotuetako bi adin txikikoentzako Zumarragako zentroan daude, eta hirugarrenak Deustuko ertzain-etxean igaro du gaua, Fiskaltzak atzo haren atxiloaldia luzatu ostean. Lehena Ministerio Publikoaren esku jarri dute gaur goizean, Zumarragatik Bilbora eraman ondoren.

Hirugarren atxilotua, ostera, 11:20 aldera eraman dute Deustuko ertzain-etxetik Fiskaltzaren aurrera deklaratzen jarraitzeko. Ikerketa horren iturrien esanetan, hirugarren atxilotu horrek ez zuen zuzenean parte hartu hilketan, eta ez zen senar-emazteen etxebizitzan sartu, baina, ustez, egileen kolaboratzailea izan zen. Halaber, hildako senar-emazteen bizilaguna ei zen.

Igandean atxilotu zituzten 14 urteko mutilak Zumarragako (Gipuzkoa) zentrora eraman zituzten astelehenean, Adingabeen Fiskaltzaren aurrean deklaratu ostean. Gaur bi mutiko horietako batek Fiskaltzaren aurrean deklaratu du berriro.

Ostegunean topatu zituzten 87 urteko senar-emazteen hilotzak, 15:00ak aldera, Otxarkoagako euren etxean. Buruan eta aurpegian hainbat kolpe zituzten.

Etxea nahasita omen zegoen. Hori dela eta, hipotesi nagusia da indarkeriaz egindako lapurreta batean hil zituztela biak.

Ertzaintzak bere gain hartu zuen gertatutakoa argitzeko ardura, eta, ikerketa horren ondorioz, hiru adin txikiko atxilotu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Zer gertatu da Bizkaian? EAE albisteak Delituak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Albisteak Erailketak albisteak Otxarkoaga