Gizartea -
2011n
2.614 lanpostu banatzeko lan-eskaintza publikoa deituko du Osakidetzak
2011ko aurrekontu egitasmoa aurkeztu du Rafael Bengoa Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean. Saileko aurrekontua 3.406 millioi eurokoa izango da, aurten baino % 3,5 gutxiago.
Erredakzioa
2.614 lanpostu banatzeko lan-eskaintza publikoa antolatuko du Osakidetzak 2011n. Horrela, 700 mediku eta 800 erizain gutxi gorabehera kontratatzea espero dute, baina kopuru horiek sindikatuekin negoziatzeko zain dira, Osakidetzak jakitera eman duenez.
2011ko aurrekontu egitasmoa aurkeztu du gaur Rafael Bengoa Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean. Osasun Saileko aurrekontua 3.406 millioi eurokoa izango da, aurten baino % 3,5 gutxiago.
2.450 milioi euro Osakidetzako aurrekontua izango da, 2010ean baino % 3,2 gutxiago. Horietatik inbertsioetara 73,9 milioi euro bideratuko dituzte.
Kudeaketa "gogorra"
Eraginkortasun margen "mugatuagoa" du 2011ko aurrekontuak, Bengoak onartu duenez, eta kudeaketak "gogorra" izaten jarraituko duela iragarri du, krisia dela-eta "saihestezina" delako.
Egiturazko aldaketak egiten jarraitu beharko dutela azaldu du Bengoak, kronikoen estrategia esaterako. Izan ere, aldaketa horiek sistema "jasangarriagoa" egiten dute.
Bestalde, talde politikoen galderen aurrean, Osakidetzako itxaronzerrendak izan ditu hizpide Bengoak. "Alarma sortzen" saiatzeko informazio "okerrak" eta "manipulatuak" eman dituztela salatu du sailburuak, baina itxaronzerrendak "ikaragarri" handitu direnik ukatu du Bengoak. EAJk itxaronzerrendak asko hazi direla salatu zuen asteazkenean. Osasun sailburuak zifren berri "dagokionean" emango duela adierzi du gaur.