Gizartea -
Florida (AEB)
Pablo Ibar auziko epaiketa berriaren hasiera atzeratu dute
“Osasun arazo larriak tarteko” Alan Ross abokatuaren bajaren berri eman dio Ibarren defentsak epaileari.
E. L. | eitb.eus
Pablo Ibar auziaren jarraipen konferentzia egin dute gaur goizean, Broward Countyko (Florida, AEB) Auzitegian, Pablo Ibar Heriotza-zigorraren Aurkako Elkarteak agiri batean jakitera eman duenez.
Konferentzian, “osasun arazo larriak tarteko” Alan Ross abokatuaren bajaren berri eman dio Ibarren defentsak epaileari. Epaimahaiaren aurrean hitza hartu eta paper garrantzitsua izan behar zuen Rossek epaiketan.
Kevin Kulik abokatuak Alan Ross ordezkatu du, baina “logikoki, denbora beharko du Ibar auzian trebatzeko eta defentsaren papera prestatzeko”.
Abuztua
Epaiketari heltzeko aurretiazko pausoen programa berri bat laga dio Ibarren defentsak magistratuari, epaiketa 2018ko abuztuan hasteko asmoarekin.
Hurrengo jarraipen konferentzia apirilaren 13an izango da. Litekeena da, orduan epaiketari hasiera emateko data berria zehaztea.
Abuztuan epaiketa hasteko behin betiko data izatea espero du Pablo Ibar Heriotza-zigorraren Aurkako Elkarteak. Elkarteak, Ibarrek eta haren abokatuek “azken 18 urteetan hainbeste” lan egin dutela goraipatu du Elkarteak.
Jarraipen konferentzia
AEBko zuzenbidean, jarraipen konferentzia bat (status conference) aldeen bilera bat da. Auziko epaileak deitzen du arau federalen babesean (Federal Rules of Procedure).
Epaiketaren antolaketa eta funtzionamendua eztabaidatzen dira bertan, froga berriak agertu ote diren, agiri berriak aurkeztu diren, aldeen arteko akordio batera heltzeko negoziazioak, epaiketaren antolaketa orokorra, iraupena…
Ameriketako Estatu Batuetako hainbat estatutan jarraipen konferentziak ateak itxita egiten dituzte epailearen bulegoan;