Gizartea -
Erasoa
Gizon bat atxilotu dute Donostiako diskoteka batean beste bati erasotzeagatik
Biktima ospitalera eraman behar izan zuten, aurpegian zauri larriak zituelako.
eitb.eus
Ertzaintzak 27 urteko gizon bat atxilotu zuen igande goizaldean Donostian, lesio delitua egotzita. Izan ere, beste gizon bati kristalezko edalontzi bat jaurti zion aurpegira diskoteka batean. Biktima ospitalera eraman behar izan zuten, aurpegian zituen zauri larriak artatzeko.
Erasoa igande goizaldeko bostak baino minutu batzuk lehenago gertatu zen, hiriaren erdiguneko diskoteka batean. Ordu horretan deitu zioten Ertzaintzari, gizon batek beste bati kristalezko edalontzi batez eraso ziola jakinarazteko. Biktimak ebakia zuen betazalean, masailalboan eta bekainean.
Anbulantzia bat eta Ertzaintzaren patruilak bertaratuta, batetik, biktima erietxera eraman zuten, eta, bestetik, erasoaren ustezko egilea identifikatu zuten: 27 urteko gizon bat. Aurrekariak ditu lehendik ere delituak egiteagatik, eta eraso delitua leporatu diote orain. Poliziaren eginbideak amaitutakoan, Donostiako guardiako epailearen esku utzi dute.