Gizartea -
GIPUZKOA
Lituaniar bat atzeman dute Irunen, deklaratu gabeko milioi erdi euro zeramala
Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian geldiarazi zuen ostegunean Guardia Zibilak, taxian Iparraldera zihoala. Motxila batean eta maleta batean zuen dirua, 20 euroko billeteetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gizon lituaniar bat atzeman zuen ostegunean Guardia Zibilak Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian, 500.000 euro zeramatzala. Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duen Ordezkaritzak ohar bidez zabaldu duenez, taxian zihoan Iparraldera, eta ez zen dirutza horren jatorria justifikatzeko gai izan. Motxila batean eta maleta batean zeraman guztia, 20 euroko billeteetan.
Miaketa egin zuten unean, dirua zeraman gizonak ez zuen dirua batetik bestera eramateko aukera emango zukeen agiririk erakutsi. Hori dela eta, guardia zibilek akta bat ireki zuen haren kontra, kapitalak legez kanpo mugitzen ari zelakoan.
Dirutza hori Espainiako Zerga Administrazio Agentziaren esku gelditu da, gizonak horren jatorria justifikatu arte.