Gizartea -
DENBORALEA
Trafiko Zuzendaritzak desaktibatu egin du Bide Zaintza Plana
Hurrengo orduetan eguraldia hobera egingo du. Alerta laranja atzean utzita, EAE abisu horian izango da larunbat eguerdira arte.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak desaktibatu egin du Neguko Bide Zaintza Planaren fase operatiboa, eguraldiak hobera egingo duelako hurrengo egunetan.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, negu gorriko eguraldia espero da gaurko: hotza eta elurra, 100-300 metroan. Dena dela, egunak aurrera egin ahala, atertzera egingo du. Elurragatik ezarritako alerta 12:00ak arte egongo da indarrean (arratsaldean, 500-600 metrora egongo da elur-kota). Aurreikusitako lodierak, nolanahi ere, handiagoak izango dira: 5-25 cm 1.000 metrora, 2-15 cm 600 metrora eta 0-8 cm 200 metrora.
Ostegun gauean eta ostiral goizaldean, hodeitza murriztu egingo da, eta ateri eutsiko dio. Horren eraginez, baliteke izotza egitea, barnealdean handia. Dena dela, joera dela azpimarratu du Segurtasun Sailak, eta, hortaz, ez da seguru hala egingo duenik.
Ostiral arratsaldean, beste fronte bat sartuko da, eta prezipitazioak eta elurra beherago egitea ekar lezake.
Zumaia - Getaria, itxita
Zumaia eta Getaria kostaldetik lotzen dituen N-634 errepidea martxoaren 9ra arte egongo da itxita; izan ere, "luizi gehiago izateko arrisku handia dago" eta "zonaldea egonkortu" behar da.