Gizartea -
Leiho birtual bakarra
Administrazioaren izapideak 'on line' egiteko aukera izango dute EAEko herritarrek
Agiri, espediente edo jakinarazpen ofizialekin leiho birtual bakarra martxan jarriko du aurten Eusko Jaurlaritzak.
Agentziak | Erredakzioa
Aurten 'Herritarraren Karpeta' egitasmoa martxan jarriko dutela iragarri du gaur Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Horrela, Euskal Administrazio Publikoarekin lotutako izapide guztiak 'on line' kudeatzeko aukera izango dute EAEko herritarrek, leiho birtual bakar baten bidez.
Erkorekak, berak eskatuta, agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Publikoaren Batzordean, Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza eta Berrikuntza Publiko Plan Estrategikoa 2020 aurkezteko, eta horren baitan, 'Herritarren Karpeta' proiektua.
Herritarren eta administrazioaren arteko harreman digitalean egitasmoak “jauzi kualitatiboa” suposatuko duela uste du sailburuak, Eusko Jaurlaritzaren webgune ofizialean izapide eta kudeaketa guztietarako leiho birtual bakarra izango delako. “Herritarrak edozein dispositibotik, edonoiz eta edonon sartu ahal izango dira. Itxaron barik, ilararik gabe”, goraipatu du Erkorekak.
Karpeta pertsonalizatua
Gainera, karpeta pertsonalizatua izango dela jakitera eman du Jaurlaritzako bozeramaileak; izan ere, herritar bakoitzak bere agiriak, espedienteak edo jakinarazpen ofizialak eskuragarri izango ditu, une horretan egiten ari den tramitearen arabera (ordainketak, espedienteak, ziurtagiriak, jakinarazpenak edo mezuak).
Erkorekak iragarri duenez, 'Herritarren Karpeta' 2018an abian jarri eta zenbait fasetan martxan jarriko dute legealdian zehar. Hasiera batean, dagoeneko online eskaintzen ari diren zerbitzu, jakinarazpen eta izapide guztiak toki horretan bilduko ditu Eusko Jaurlaritzak, orain webgune ezberdinetan sakabanaturik daudelako.
'Herritarren Karpetan' ematen diren datu pertsonal eta pribatu guztien “segurtasun eta erabateko babesa” bermatuko du Eusko Jaurlaritzak, Erkorekak ziurtatu duenez.