Gizartea -
Gertakaria
Ertzaintza harrapatzen saiatu da, ihes egin du, eta tiro egin diote Legution
Gizona bi ertzain harrapatzen ahalegindu da, kontrol batean, eta ihes egin du; gerora atxilotu dute. Zaurituta dago, ez larri; kartzelan sartu dute, dagoeneko.
Erredakzioa
Ertzaintzak tiro egin zion susmagarri baten autoari, eta gerora susmagarri hori atxilotu zuen, asteazken gauean Legution (Araba). N-240 errepidean, 10 bat kilometroko jazarpena izan zen, atxiloketa egin aurretik; atxilotua eta lau ertzain zauritu ziren, arin.
Gertakaria 21:00ak aldera hasi zen, N-240 errepidean, Gasteizeko irteeran, Gamarrako irteeran, hain zuzen ere. Puntu horretan, Ertzaintzaren patruila batek ikusi zuen furgoneta bat atzera-martxa zebilela, gainerako ibilgailuak arriskuan jarrita. Ertzainek gelditzeko esan zioten gidariari, eta, dokumentazioa eskatzen ari zitzaizkiola, gizonezkoak, 49 urteko ohiko delitugilea bera, bat-batean jarri zen martxan, eta agente bat kolpatu zuen; gerora, Legutiorako noranzkoan hasi zen, ihes egiten.
Jazarpena
Une horretan, jazarpena hasi zen. Furgoneta hainbat aldiz polizia-ibilgailuaren aurka, eta, azkenean, Otxandiorako irteera parean, errepidetik irten zen.
Bi ertzainak autotik jaitsi eta furgonetarantz joan zirenean, gidaria berriro jarri zen martxan, eta haiengana jo zuen, zuzen-zuzenean. Ertzainek, euren burua arriskuan ikusita, tiro egin zioten susmagarriaren autoari, geldiaraztea xede, Segurtasun Sailak ohar batean jakitera eman duenez.
Dena dela, furgonetak Ertzaintzaren autoaren aurka egin zuen talka; halaber, bertaratua zen beste polizia-auto baten aurka jo zuen.
00:45 aldera topatu zuten
Ordu erdi geroago, furgoneta Legutioko kanpoaldean aurkitu zuten, eta gidaria bilatzen hasi ziren; 00:45 aldera topatu zuten, Urrunagako urtegitik gertu, arin zauriturik.
Gasteizko Santiagoko Ospitalera eraman zuten; artatu ostean, alta eman zioten, eta Arabako espetxean sartu zen, epaileak hala aginduta.
Jazarpenean, lau ertzain ere zauritu ziren. Osasun-mutualitatean artatu zituzten.
Atxilotuak kartzelan sartzeko hiru agindu zituen bere kontra; ohiko gaizkilea da, eta aurrekariak ditu, lapurreta indarrez eta indarkeriaz egiteagatik, agenteen aurkako atentatuagatik eta agenteei aurka egiteagatik.