Gizartea -

BORTXAKETA

9 urteko mutil bat taldean bortxatu dute Jaengo eskola batean

Ustezko erasotzaileak 12 eta 14 urte bitarteko adingabeak dira. Sexu-erasoa joan den astean gertatu zen jolas-orduan, eta zentroak lau ikasle kanporatu ditu kautelazko neurri gisa.

9 urteko mutiko bat bortxatu dute ustez eskolakideek, Jaenen

1:04

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bederatzi urteko mutiko bat bortxatu dute Jaengo eskola batean, ustez 12 eta 14 urte bitarteko hainbat adin txikikok. Adin Txikikoen Fiskaltzak eta Andaluziako Juntako Hezkuntza Kontseilaritzak ikerketa abiatu dute jada gertatutakoa argitzeko.

Sexu-erasoa joan den astean gertatu zen jolas-orduan, Cadena Ser irratiak aurreratu duenez. Mutikoa ospitalean artatu zuten eta, medikuen esanetan, bortxaketa batek eragindako lesioak zituen.

Haurrari azterketa bat egin ostean, Adin Txikikoen Fiskaltzari eta Espainiako Poliziari jakinarazi zioten. Halaber, ustezko erasotzaileak identifikatzeko eskatu zioten, horiek ere adin txikikoak badira ere.

14 urtetik beherakoak izaki, ezin zaie penalki deliturik leporatu, baina auzia Adin Txikikoen Fiskaltzaren esku geratu da.

Andaluziako Juntaren arabera, erasoaren berri izan bezain pronto neurriak hartu dituzte, eta ikerketa abiatu dute Hezkuntza Ikuskaritzaren bitartez, informazioa bildu, aztertu eta balorazio bat egiteko. Halaber, haurren tratu txar kasuetarako aurreikusitako protokoloa aktibatu du, eta gaitzetsi egin du sexu-erasoa.

Ikastetxeak 12 eta 14 urte arteko lau ikasle kanporatu ditu

Andaluziako Juntako Hezkuntza Kontseilaritzak baieztatu duenez, erasoa Cazorla mendilerroko ikastetxe batean gertatu da, eta DBHko 1. eta 2. mailako lau ikasle (12 eta 14 urte bitartekoak) kanporatu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Delituak argazkiak Espainia albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Umeak albisteak