Gizartea -
Pertsekuzioa
Gizon bat atxilotuta Donostian, abiadura handiz eta kontrako noranzkoan gidatzeagatik
Udaltzainak segika ibili dira goizaldean, eta bi agente zauritu dira pertsekuzio horretan. Gidariak positibo eman du alkoholemia frogan.
Agentziak | Erredakzioa
Frantziako herritar bat atxilotu dute larunbat goizaldean Donostian, hiriaren erdigunean abiadura handian eta kontra noranzkoan gidatzeagatik. Udaltzainak segika ibili dira eta bi agente zauritu dira pertsekuzio horretan. Gidariak positibo eman du alkoholemia frogan.
Goizaldeko 01:15 inguruan, hainbat taxi gidariren deiak jaso dituzte udaltzainek, eta patruila batzuk irten dira gidariaren bila. Autoa aurkitu dutenean, pertsekuzioa abiatu dute eta Andia kalean lortu dute gidariari bidea ixtea. Gidariak udaltzainen auto baten kontra egin du eta bi agenteri zauri arinak eragin dizkie (kontusioa izan du agenteetako batek eta ebaki bat besteak).
Dax udalerriko bizilaguna da atxilotua, 1988an jaiotakoa, eta ausarkeriaz eta alkoholaren eraginpean gidatzea leporatzen diote.
Autoan beste pertsona bat zihoan, hau ere Daxeko bizilaguna, baina aske geratu da.