Gizartea -
Denboralearen ostean
Baretzen ari da euri, haize eta olatuen denboralea EAEn
Badirudi okerrena pasatu dela; dena den, denboraleak eragindako kalteak asteazkenean agerian gelditu dira Gipuzkoan eta Bizkaian.
Erredakzioa
Azken egunotako haize eta olatuen denboralea baretzen hasi arren, asteazkenean oraindik eragina izan du Gipuzkoan eta Bizkaian.
Olatuek Bilboko superportuko 10 tonako buia erraldoia eraman dute Getxoraino, baina Gipuzkoa izan da kaltetuena. Zaila izango da Pasealeku Berriko zulotzarra urtea amaitu baino lehen konpontzea, eta goiko aldeko harresia eroriko den beldur da orain Udala. Haizearen Orraziaren inguruan kalte ugari sortu ditu ere, asteartean itsasoak mugitu zituen granitozko harri handiak botata jarraitzen dute.
Zarautzen ere malekoia gogor astindu du denboraleak eta Hondarribian Butroiko pasealekuko hormaren bost metro irentsi ditu itsasoak.
Denboralearen astindua nabarmena izan da Bizkaian ere: Bilboko Superportuko 10 tonako buia bat ekarri dute olatuek Ereagako (Getxo) hondartzaraino. Bertan, olatuak errepideraino iritsi ziren eta pasealekuko horma zati bat behera bota eta bankuak eta barandak hautsi dituzte. Getxoko Udalaren lehen aurreikuspenen arabera, kalteak 20.000 eurokoak izango dira.
Bermeon olatu horma hautsi dute olatuek, eta portutik gertu aparkatuta zeuden 20 autok ere kalteak jasan dituzte.
Bakion ere itsasoak Itsasertzeko Pasealekuan oinezkoen babeserako horma hautsi du.
BI-2221 Elantxobeko portura dioan errepidea ere moztu izan behar dute zati bat amildegira erori ostean.
Araban euria gogoz bota arren, ez dituzte arazo handirik izan.
Herrizaingo Sailak alerta horia mantentzen du ostegunerako, baina haizea dela eta ezarritako alerta bertan behera utzi dute.
EAEko Meteorologia Zentroaren aurreikuspenaren arabera, ostegunean euria egingo du kostaldean.