Gizartea -

ARABAKO LURRALDE AUZITEGIA

Emakume eta notario bat epaituko dituzte, dementziadun baten testamentua aldatzearren

Arabako Fiskaltzak lau urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du notarioarentzat eta biktimaren bizilagun ohiarentzat iruzurra egitea eta dokumentu publikoak faltsutzea leporatuta.

Gasteizko Auzitegiaren artxiboko irudia.
Gasteizko Auzitegiaren artxiboko irudia.
Gasteizko Auzitegiaren artxiboko irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Fiskaltzak lau urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du notario batentzat eta dementzia larria zuen emakume baten bizilagun ohiarentzat, haren testamentua aldatzeagatik. Datorren astean hasiko da epaiketa eta bi akusatuei iruzurra egitea eta dokumentua publiko bat faltsutzea leporatzen diete.

Biktima, 1932an jaiotako emakumea, alarguna zen eta ez zuen seme-alabarik. Hala, 2010ean testamentua egin zuen bere hondasun guztiak lehengusina baten hiru alabei utziz, hiru zati berdinetan.

Fiskaltzaren kontakizunaren arabera, 2014an gaitasun kognitiboen galera arin edo ertainaren diagnostikatu zioten, eta eroriko baten ondorioz, bere osasunak txarrera egin zuenean,  zahar etxe batean sartu zuten. 2015eko urtarrilaren 9an Osakidetzako Neurologia Zerbitzuak dementzia larria aitortu zion eta otsailaren 11n, Arabako Foru Aldundiak 3. mailako dependentzia egoera aitortu zion.

Egoera horretan zela, 2014 amaiera eta 2015 hasiera artean, bizilagun ohiaren bisita jaso zuen zahar etxean, eta burua galduta zuela ikustean, "testamentua bere alde jartzeko probestu zuen" fiskaltzaren arabera.

Hala, urtarrilaren 8an, notarioarekin agertu zen erresidentzian eta notarioak "adineko emakumearen egoera mentala argi eta garbi ikusita ere", 2010ean egin zuen testamentua aldatu zuen, akusatua oinordeko gisa ezarriz. Fiskaltzak dio notarioak "gezurra" esan zuela emakumeak "modu libre eta kontzientean" egiten zuela testamentua aitortzean.

Hain juxtu ere, aldaketa hori egin eta hurrengo egunean aitortu zion Osakidetzak dementzia larria, eta beraz, bezperan ere ez zela bere buruaren jabe ondorioztatzen du Fiskaltzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arabako berriak Delituak albisteak Gizartea bideoak Gasteiz albisteak