Gizartea -
Trafikoa
Gidari gabeko autobus batek hainbat zuhaitz, farola eta seinale bota ditu Gasteizen
Lehen ikerketen arabera, ibilgailuaren gidariak ez dio esku-frenuari behar bezala eman.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko kale batean aparkatuta zegoen autobus batek biribilgune batean igota amaitu du, aldapan behera 200 metro gidaririk gabe egin ostean. Bidean, dozena erdi bat zuhaitz, hiru farola eta bi seinale bota ditu. Ez da inor zauritu.
Ezbeharra goizeko 11:30ak aldera gertatu da, eta lehen ikerketen arabera, gidariak ez dio behar bezala eman esku-frenoari.
Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, autobusa Esmaltacioneseko biribilgunetik hurbil zegoen aparkatuta, Jacinto Benavente kalearen goiko aldean. Gidaririk gabe abiatu da, eta Florida kalearen bidegurutzean dagoen biribilgune batean igota geratu da.
Bidean, ibilgailua kontrako erreira eta bizikleta-bide batera igaro da, trenbidearen azpian dagoen zubia kolpatzeaz gain. Kalteak materialak soilik izan dira, ez duelako pertsonarik edo beste ibilgailurik harrapatu.