Gizartea -
2018/2019 ikasturtea
Nafarroan egindako 10 aurrematrikuletatik 6 eskola publikorako izan dira
Itunpeko hezkuntzan 2.236 eskaera jaso dituzte, horietatik 403 euskarazko hezkuntzarako. Halere, aurreko urteetan euskarazko eskaintza emateko ireki zituzten zentroen ikasle kopurua egonkortu da.
agentziak | erredakzioa
Maria Solana Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak iragarri duenez, 5.886 eskaera jaso dituzte 2018/2019 ikasturterako aurrematrikulazio kanpainan. Horietatik, % 62k eskola publikoaren alde egin dute, aurreko urtetik % 1,3 gora eginda.
Hala adierazi du aipatutako ikasturtearen aurrematrikulazio datuak azaltzeko emandako prentsaurrekoan. Edonola ere, "prozesua zabalik dago oraindik" eta, hortaz, datuak ez dira behin betikoak, zehaztu du.
Gainera, argitu duenaren arabera, behera egin du eskaera kopuruak, 2017koekin alderatuta (orduan 6.097 izan ziren), 2014an jaiotako umeei zegozkielako eta "igoera txikia" ekarri zuen.
Halere, kontseilariak baieztatu egin du hezkuntza publikoko eredu guztientzako eskariak igo direla 2017arekin erkatuta eta, zehatz-mehatz, A eredua nabarmendu du, % 1,5eko igoera izan baitu.
Solanaren esanetan, eskarien % 38 itunpeko hezkuntzari dagokio, aurreko urtean baino % 1,3 gutxiago.
Gauzak horrela, itunpeko hezkuntzara bideratutako 2.236 eskarietatik 1.833 gaztelerazko hezkuntzarako eta 403 euskaraz izateko egin zituzten.
Roberto Perez Hezkuntza zuzendari nagusiak adierazi duenez, Martin Azpilicueta (Barasoain) eta Juan Bautista Irurzun (Peralta) zentroek bat egingo dute D eredua eremu ez euskaldunetan eskaintzen duten zentroekin.
"Aurreko urteetan euskarazko hezkuntza hasi zuten zentroen eskaintza egonkortu egin da", esan du. Gainera, 2018an D ereduko 10 zentro publiko eta sei ikastola egongo dira eremu ez euskaldunean, hiru urtetan 144 plaza osatuta.
Zehatz-mehatz, iaz 1.120 eskaera egin zituzten D eredurako, eta aurten 1.095.
Edonola ere, martxoaren 12an Hezkuntza Departamentuak behin betiko datuak jakinaraziko ditu.