Gizartea -

Eguraldia

Prezipitazio iraunkorrengatik ezarritako abisua asteartera arte luzatu dute

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak iragarri duenez, baliteke asteartera bitartean metro karratuko 60 litro pilatzea.

Neguko giroarekin jarraituko dugu datozen egunotan. Artxiboko argazkia: EFE
Gizon bat aterkiarekin, haizeraen aurka eginez
Neguko giroarekin jarraituko dugu datozen egunotan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du astearteko 18:00ak arte Euskadin isurialde atlantikoan, prezipitazio iraunkorrak izango direla iragarri baitute. Horren ildotik, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak iragarri duenez, baliteke Gipuzkoako zenbait tokitan, bereziki ekialdean, metro karratuko 60 litro pilatzea, eta 40 eta 50 litro artean egitea Bizkaian.

Eguraldi-iragarpenari dagokionez, zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da astearte honetan. Prezipitazio txikia edo ertaina eta iraunkorra egingo du, ugariagoa isurialde atlantikoan, egunaren lehen partean. Arratsalde eta gauean, prezipitazio txikia egingo du isurialde atlantikoan. Elur-kota 1.300-1.400 metrora egongo da. Iparraldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura maximoetan ez da aldaketarik izango.

Asteazkenean, Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du elurragatik barnealdean 06:00etatik 15:00etara. Elur-kota 900-1.000 metrora egongo da goizaldean, eta jaisten joango da, arratsaldean 500-600 metrora geratu arte.

Zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da; arratsaldean, ostarteak zabalduko dira, bereziki ekialdean. Egunaren lehen partean, prezipitazio txikia egingo du, noizean behin ertaina isurialde atlantikoan eta goizaldean; arratsaldean, atertzera egingo du. Iparraldeko eta ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da. Egunaren amaieran, Arabako zenbait tokitan izotz txikia egingo du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Alerta meteorologikoak albisteak EAE Eguraldia Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea Legazpi azken ordukoa