Gizartea -
Gipuzkoako Futbol Federazioa
Euskaraz hitz egitea debekatu zuen arbitroaren aurkako neurriak hartzea eskatu dute
Baliteke Futbol Federazioko Lehiaketa Batzordeak Manuel Sarrion epailea zigortzea Idiazabal eta Elgoibar arteko partidan gertatutakoa dela eta.
Agentziak | erredakzioa
Gipuzkoako Futbol Federazioa larunbatean Idiazabal eta Elgoibar Preferente mailako futbol taldeen arteko partidan euskaraz hitz egiteko debekua ezarri zuen arbitroaren aurkako neurriak hartzeko informazio biltzen eta aztertzen ari da.
Baliteke Futbol Federazioko Lehiaketa Batzordeak, bihar, asteartea, Manuel Sarrion epailea zigortzea Idiazabal eta Elgoibar taldeen arteko partidako aktan gertatutakoa jasota egon ez arren, Patxi Gabilondo Gipuzkoako Futbol Federazioko idazkari nagusiak astelehen honetan jakinarazi duenez.
Partida hasi aurretik, arbitroak zelaian euskaraz hitz egitea debekatzeko deitu zien talde bietako ordezkari eta entrenatzaileei, eta debekua bete ezean kaleratu egingo zituztela esan zien.
Hori horrela, Federazioak "informazioa" jasotzeari ekin dio gaur, egoera horri nola aurre egin aztertzeko, Arbitroen Batzordeak berak ezar ditzakeen zigorrak gorabehera.
Federazioak arratsaldean jasoko ditu Matias Aranburu (Idiazabal) eta Jon Basurto (Elgoibar) presidenteen kexak.
Gabilondoren hitzetan, Lehiaketa Batzordeak arbitroa zigortzeko neurriren bat har dezake salaketa horri esker, gertatutakoa ez baitago aktan jasota, eta Batzorde horrek, normalean, aktan jasotakoen inguruan baino ez du iritzia ematen.
Azkenik, Gabilondok Manuel Sarrion arbitroaren jokabidea "erabat gaitzetsi" du. Sarrion azaroan heldu zen Euskadira, eta Gipuzkoako Federazioan eman zuen izena arbitro gisa aritzeko.