Gizartea -
Oñatiko emakume bat
Bikotekide ohiaren aurka salaketa faltsua egiteagatik, kondenatuta
Hainbat lekukok ustezko erasoaren orduan biktimarekin izan zirela adierazi zuten. Emakumeak 1.623 euroko kalte-ordaina eman beharko dio bikotekide ohiari.
Erredakzioa
Emakume bati 1.350 euroko isuna ordaintzeko zigorra jarri diote bikotekide ohiaren aurka salaketa faltsua jartzeagatik. Emakumearen arabera, gizonak Oñatiko baserrian eraso egin zion; lepotik heldu eta ostikoa jota.
Epaiak azaltzen duenez, akusatuak 2009ko maiatzaren 27aren 23:30ean salaketa jarri zion bikotekide ohiari, "faltsua zela jakinda", eta gizonak "lepotik heldu eta ezkerreko muskulu bikian ostikoa eman ziola" adierazita. Hori dela eta, babesteko agindua eskatu zuen baina eskaerari ezezkoa eman zioten.
Gainera, epaiak lekuko ezberdinek esandakoari sinesgarritasuna ematen dio. Testigantza horien arabera, ustezko erasoa gertatu zen orduan "biktimarekin" egon ziren.
Hori ikusita, emakumeak salaketa faltsua jartzeagatik erruduna dela dio epaiak. Ondorioz, emakumeak 1.350 euroko isuna ordaindu beharko du, eta 1.623 ordain-saria eman behar dizkio bikotekide ohiari.