Gizartea -
Lan istripua
Langile batek beso bat galdu du Abadiñon izandako lan istripu batean
Duela bi hilabete, beste langile batek ere anputazio bat pairatu zuen enpresa berberean(Fundiciones Garbi).
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Langile batek (47 urtekoa eta Barakaldoko bizilaguna) beso bat galdu du Abadiñoko (Bizkaia) Fundiciones Garbi enpresan izandako lan istripu batean.
Ezbeharra 02:30ean jazo da. Ordu horretan, makina batek gizonezkoaren besoa harrapatu du.
Behargina Galdaoko Ospitalera eraman behar izan dute, anbulantziaz.
Agiri batean, LAB sindikatuak babesa agertu dio langileari, eta "arbuioa eta haserrea" adierazi ditu lan istripuaren aurrean.
Zentral abertzaleak gogorarazi duenez, azken urtean bi sute jazo dira enpresa horretan. Gainera, duela bi hilabete, beste langile batek ere anputazio bat pairatu zuen.
Hori dela eta, konpainia horretan segurtasun arloan dauden gabeziak salatu ditu LABek, eta konponbideak eskatu ditu istripurik errepika ez dadin.
Enpresa batzordeak lanuzteak deitu ditu ostegun honetarako (04:00etatik 06:00etara, eta 12:00etatik 14:00etara). Gainera, eguerdian elkarretaratzea egingo dute.