Gizartea -
Tripadvisorren arabera
Donostiako Kontxa Europako hondartzarik onena, bigarren urtez jarraian
Tripadvisor bidaien webguneak erabiltzaileen iruzkinak izan ditu oinarri Donostiako hondartza Europako onena eta munduko seigarrena izendatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako Kontxako hondartza Europako hondartzarik onena eta munduko seigarrena aukeratu du, bigarren urtez jarraian, Tripadvisor bidaien inguruko webguneak.
Webguneak Traveler’s Choice sariak ezagutzera eman ditu asteazken honetan, eta irabazleak aukeratzeko, bidaiariek azken 12 hilabeteotan egindako iruzkin kopurua eta horien kalitatea izan dituzte kontuan TripAdvisorren.
Iaz bezala, Kontxako hondartza lehen postuan dago, eta Elafonisi (Kreta), Falesia (Portugal), Fig Tree Bay (Txipre) eta Bournemouth Beach (Erresuma Batua) daude jarraian.
Argazkia: Lorentxo Portularrume.
Kontxaz gain, Ses Illetes (Formentera) eta Canteras (Las Palmas Kanaria Handikoa) nabarmendu ditu Tripadvisorrek Estatuan.
Webguneko erabiltzaileen ustez, Grace Bay (Turk eta Caico uharteak) da munduko hondartzarik onena; Baia Do Sancho (Brasil) eta Varadero (Kuba) daude jarraian. Mundu mailan Kontxa, seigarren dago.
Ernesto Gasco Donostiako Turismo zinegotziaren hitzetan, "oso pozik gaude eta sariak garrantzi handia dauka bidaiariek eurek, mundua ezagutzen dihardutenek, horrela erabaki dutelako".
Argazkia: Jon Hernández Utrera.
"Kontxa gure erakustoki nagusiena da, bai herritarrontzat, zein bisitarientzat ere. Sariak harrotasunez betetzen gaitu eta lanean jarraitzera bultzatzen gaitu, Donostia Europako helmuga turistiko gustukoenen artean egoteko", esan du Gascok.