Gizartea -
Donostia
Absolbitu dute psikiatriko batean adingabe bat bortxatzeagatik epaitutako gizona
Gipuzkoako Auzitegiak 'kontraesanak' atzeman ditu neskaren deklarazioan eta froga batzuek bertsio hori 'gezurtatu' dutela adierazi du.
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak absolbitu egin du Donostiako psikiatriko batean Gipuzkoako Aldundiaren babespean zegoen adingabe bat bortxatzeagatik epaitutako gizona.
Epaiaren arabera, "kontraesanak" atzeman dituzte neskaren deklarazioan are, ez dituzte bertsio hori "frogatzeko elementurik" topatu edota "horietako batzuek lekukotza gezurtatzen dute".
Akusazio partikularrak 15 urteko kartzela zigorra eskatu zuen gizonarentzat eta 45.000 euroko kalte-ordaina zentroaren aseguru-etxearentzat, erantzukizun zibil moduan. Fiskaltzak ez zuen gizonaren kontrako kargurik aurkeztu, eta defentsak eta aseguru-etxeak absoluzioa galdegin zuten.
Emakumeak epaiketan esan zuenez, bortxaketa 2013ko ekainaren 4an jazo zen, bere logelan. Pertsonalitatearen desorekagatik zegoen bera psikiatrikoan, eta gizona, 47 urtekoa, alkoholarekiko menpekotasunagatik .
Emakumearen arabera, gizonak bortxatu egin zuen eta hilko zuela mehatxatu oihu egiten bazuen edo norbait kontatzen bazion. Gizonak akusazioa ukatu zuen, eta sexu harremana biek hala nahita eduki zutela, indarkeriarik gabe.
Epaiak nabarmendu duenez, froga batzuek akusatuaren "elementu batzuk" baieztatu dituzte, eta ez dute "bat bera ere gezurtatu". Horri kontrajarriz, emakumearen lekukotasuna bakarrik "ez da nahikoa akusatuaren errugabetasun presuntzioa zalantzan jartzeko". Epaiaren arabera, gaztearen lekukotza ez zen "iraunkorra" izan, eta frogek ez zuten "berretsi".
Auzitegiaren esanetan, "gaztearen gorputzean ez zuten indarkeria zantzurik" atzeman eta emakumeak ez zuen "salatutako gertakari larrien araberako" gaitz psikologiko/emozionala izan.