Gizartea -

NAFARROA

Bi atxilotu Nafarroan, internet bidez haur pornografia trukatzea leporatuta

Horiez gain, beste sei pertsona atxilotu dituzte eta beste hiru ikertzen ari dira. Dena den, polizia operazioa zabalik dago oraindik.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak zortzi pertsona atxilotu ditu, horietako bi Nafarroan, internet bidez haur pornografia trukatzea leporatuta. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) gobernuz kanpoko erakunde batek salaketa bat jarri zuen sare sozial ezagun batean haur pornografiako hainbat argazki argitaratu zirela ohartaraziz, eta haritik tiraka bi anaia atxilotu zituzten Nafarroan, Espainiako, AEBko eta Latinoamerikako beste pedofilo batzuekin harremanak zituztenak.

Operazioaren lehen fasean, irudiak argitaratu zituen erabiltzailea identifikatu zuten, Berako bizilaguna bera. Poliziak material pornografiko ugari topatu zuen haren etxebizitzan egindako miaketan, eta, ondorioz, atxilotu egin zuen.

Atzemandako material horretan (bideoak eta argazkiak) adin txikikoak ageri ziren, Espainiako Poliziak ohar bidez jakinarazi duenez.

Horrez gain, atxilotuaren anaiak mezularitzako aplikazio baten bitartez haur pornografia zabaltzen zuela jakin zuten. Bere burua adin txikikotzat aurkezten zuen, antza, eta beste adin txikiko batzuekin harremanetan jarri eta irudiak bidaltzeko eskatzen zien.

Horrela, bi anaiak hainbat erabiltzailerekin jarri ziren harremanetan 2013tik, eta horiek guztiak identifikatzeari ekin dio Poliziak. Horren arabera, erabiltzaile horietako asko Ameriketako Estatu Batuetan eta Latinoamerikan (Kolonbia, Argentina, Mexiko eta Guatemala) bizi ziren, eta, hori dela eta, Espainiako Polizia herrialde horietako Poliziarekin elkarlanean ari da ustezko arduradunak atxilotzeko.

Bestalde, Espainian egindako ikerketaren baitan, haur pornografia trukatu zuten beste bederatzi pertsona identifikatu zituzten eta miaketak egin zituzten Madrilen, Pontevedran, Valentzian, Kanarietan, Ourensen eta Nafarroan. Horiekin lotuta, beste sei pertsona atxilotu eta hiru pertsona ikerketapean jarri zituzten.

Polizia operazioa zabalik dago oraindik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Ameriketako Estatu Batuak Delituak argazkiak Espainia argazkiak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Latinoamerikako azken ordukoa Umeak albisteak Interneteko albisteak